Skip to main content

Atal honetan proposamen didaktiko batzuk erakusten dira. Arte-hezkuntzako profesionalek diseinatutako tresnak dira, artisten sormen-prozesuak eskoletan edota beste hezkuntza-testuinguruetan erabiltzeko.

Gaiak
Honen gaineko proposamen didaktikoa: Mayte Vélaz

Etxeko objektuak edo elementuak aldatu egingo ditugu hainbat material, keinu eta ekintzaren bidez, funtzionaltasuna galdu eta beste forma, kolore edo esanahi batzuk har ditzaten.
Arretaz jokatuz, geure eskultura-piezak sortuko ditugu.

 

Helburuak

Mayte Vélazen obrara eta lan-prozesuetara hurbiltzea.

Gure eguneroko espazioko objektuak eta altzariak erabiltzea sorkuntza-prozesuaren abiapuntu gisa, edozein elementu erabil baitaiteke sormen-material gisa.

 Lan-prozesu esperimentalak bizitzea, sentsazioen, keinuen eta ekintzen fluxuan zehar igaroz eta material bakoitzaren aukerak aztertuz.

Ibili eta sortu: egunerokotik ohiz kanpokora

Honen gaineko proposamen didaktikoa: Marisa Mantxola

Munduaren ohiz kanpoko irudiak sortuko ditugu collagea, animazioa edo antzeko teknikak erabiliz, munduaren aparteko irudiak sortuko ditugu. Abiapuntu gisa, eguneroko ingurunea eta bertan aurkitzen ditugun elementuak arretaz behatuko ditugu. Paseatzea eta sortzea batera joango dira gure errealitate hurbila berraurkitu eta berrasmatzeko prozesu honetan.

Helburuak

Marisa Mantxolaren obrara eta lan-prozesuetara hurbiltzea.

Ibiltzea eta deribak gure ingurunea behatzeko eta aztertzeko metodo gisa erabiltzea.

Elementu oro, baita arruntena ere, modu sortzailean erabil daitekeela ohartzea munduaren ikuspegi berriak sortzeko.

Irudiak sortzeko teknika eta estrategiekin esperimentatzea, hala nola collagea edo animazioa, eta ulertzea irudi oro eraikuntza bat dela.

Honen gaineko proposamen didaktikoa: Laida Azkona

Arte bizien proiektua, egunerokotasunean erabiltzen ditugun modako objektuen bizitza baliagarrian dauden tentsioak eta indarkeriak aztertzen dituena.

Helburuak

Laida Azkonaren obrara eta prozesuetara hurbiltzea.

Gure eguneroko bizitzan dauden modako objektuen eta kolonialismo garaikidearen forma berrien arteko harremana aztertzea. 

Modaren kultura materialean dauden kontakizun hegemonikoak zalantzan jartzea.

Ehundu eta desehundu: ekintza eta aldarrikapena

Honen gaineko proposamen didaktikoa: Celia Eslava

Peneloperen mitoa eta ehun bat egitea abiapuntutzat hartuta, ehungintzaren munduan murgilduko gara, zeina tradizioz emakumeei egotzi zaien, eta haren balioa eta espresio-aukerak aldarrikatuko ditugu talde-ekintza baten bidez.

Helburuak

Celia Eslavaren obrara eta lan-prozesuetara hurbiltzea.

Ehungintza-lanei buruz ikertzea hainbat mailatan (teknikoa, sinbolikoa) eta hainbat testuingurutan (etxekoa, artistikoa, ekonomikoa).

Ehun-gaiek eskaintzen dituzten aukerak lantzea ikuspegi garaikide eta feminista batetik.

Genero-rolei buruz hausnartzea, ikuspegi kritikotik zalantzan jarriz.

Lerroa mintzatzen denean: marrazketaren bidez unibertso pertsonalak sortzea

Honen gaineko proposamen didaktikoa: Mireya Martín Larumbe

Marrazketaren eta marrarekin esperimentatzearen bidez, esplorazio-prozesu batean murgilduko gara: idazteko, irakurtzeko, pentsatzeko, behatzeko edo marrazteko eta geure lerroa eta ahotsa bilatzeko espazio-denbora bat.

Helburuak

Mireya Martín Larumberen obrara eta lan-prozesuetara hurbiltzea.

Marrazketarekin esperimentatzea, introspekzio eta adierazpen pertsonalerako tresna gisa.

Hainbat hizkera harremanetan jartzean sortzen diren adierazpen-, diskurtso- eta estetika-aukeretan sakontzea.

Sormenezko esperientzia bat bizitzea hurbileko iturrietatik, norberaren interesetatik eta gure ikusizko kulturaren elementuetatik elikatuz.

Hitzak eta irudiak: arao bat.

Honen gaineko proposamen didaktikoa: Andrea Ganuza

Marrazketaren eta komikiaren arteko desberdintasunak ezagutzen ditugu?

Andrea Ganuzaren lanetik abiatuta, marrazketaren eta komikiaren hizkuntzaren aukerak hausnartuko dugu eta, era berean, beste marrazkilari batzuen lanetara hurbilduko gara, hala nola Powerpaola eta Ulli Lust artisten lanetara.


Ivan Brunettiren “Single-Panel Cartoon” ariketan oinarrituta, istorio bat kontatuko duen irudi bat osatzen ikasiko dugu, eta, gainera, ulertu egingo dugu testua nola txertatu, irudiak esanahi berri bat har dezan.

Helburuak

Andrea Ganuzaren obrara eta lan-prozesuetara hurbiltzea.

Komikiaren hizkuntzarekin ohitzea.

Marrazketa eta testua konbinatzeak eskaintzen dituen aukerekin jolastea.

Gozatzeko jolas-jarduera gisa ulertzea sormena.

Honen gaineko proposamen didaktikoa: Orekari Estudio

Zer ulertzen dugu hiri gisa? Nola eraikitzen da? Ez al da gizartean bizitzeko toki bat? Termino zabalak landuz, hala nola kolektibitatea eta hiri batek osatzen duen sarea, eta espazio publikoa eta espazio pribatua (etxebizitzak) nola ulertzen ditugun kontuan hartuta, hori islatuko duen Burbuila hiri bat eraikiko dugu. Maketatik eta kontzeptutik errealitatera egingo dugu salto, plastikoa eta bestelako materialekin, eta egitura gisa airea erabiliz.

Helburuak

Orekari Estudioren obrara eta prozesuetara hurbiltzea.

Hirietan ikusten ditugun elementuak aztertzea (hutsik dagoena vs eraikitako espazioa) eta hausnartzea.

Lan bat planifikatzen ikastea, aldez aurretik maketa bat sortuz eta, gero, errealitatera eramanez.

Bolumen batek espazio bat errotik nola eraldatzen duen hausnartzea.

Honen gaineko proposamen didaktikoa: Txaro Fontalba

Mundu guztiak ditu ametsak, baina geroz eta urrunago bizi gara mundu onirikotik. Ametsak gogoratzeko, idazteko, haien bilduma egiteko, kontatzeko, partekatzeko, grabatzeko, argitaratzeko eta marrazteko moduak bilatuko ditugu.

Ametsak ezagutza-eremu gisa baloratuko ditugu, bizitako denbora deszifratzeko eta harengana hurbiltzeko aukera emango digun bizitzaren zati gisa.

Helburuak

Txaro Fontalbaren obrara eta sorkuntza- eta ikerketa-prozesuetara hurbiltzea, eta Sueñario proiektura ere bai.

Norberaren ametsetara ohitzen eta haietatik hurbilago egoten ikastea.

Ametsek zertarako balio diguten eta giza eboluzioan izan duten funtzioa aztertzea eta hausnartzea.

Prozesuan zehar, ametsak lehengai gisa erabiltzen dituzten sorkuntza-trebetasunak garatzea.

Norbait izateko argibideen kita

Honen gaineko proposamen didaktikoa: Paco Polán

Paco Polánen obratik abiatuko gara artearen prozesuei buruzko gogoeta egiteko eta originaltasunaren eta bikaintasunaren kontzeptuak zalantzan jartzeko. Saiatuko gara ideia horiek gure egunerokotasunera estrapolatzen, eta argibideen kit bat sortzen esperimentatuko dugu, gu geu garena izatea lortzeko.

Helburuak

Paco Polánen obrara eta sormen-prozesura hurbiltzea.

Kontzeptu hauei buruz hausnartzea artearen esparruan: originaltasuna, bikaintasuna, balioa eta berregiteko gaitasuna.

Eskura dugunarekin sormen-esperientziak piztea., eta gauza artistikoei buruz dugun ideia zabaltzea.

Objektuak asmatzen, diseinatzen eta sortzen ikastea.

Artea bizitzari hurbiltzea eta alderantziz, modu ludiko baina gogoetazkoan.

Ezezagunaren eta posiblearen kartografia artistikoak

Honen gaineko proposamen didaktikoa: Irati Gorostidi Agirretxe

Nor gara? Zer irakatsi/ikasi nahi dugu? Nola egin dezakegu?

Askotan, mundua zatiketaren bidez ezagutzen saiatzen gara, zati txikitan banatzen eta zenbait irizpideren arabera sailkatzen. Gauza bera gertatzen da gure burua aurkeztu eta nor garen erakusten saiatzen garenean. Jatorria, adina, sexua... Baina badira definitzen gaituzten beste alderdi batzuek ere, gu geu bihurtzen gaituztenak, eta seguruenik komunitate bihurtzen gaituztenak. Ikusten zailagoak edota ezezagunagoak diren alderdiak dira, horregatik mapa-bisual edo kartografia artistikoetan biltzen saiatuko gara.

Helburuak

Irati Gorostidiren sormen- eta ikerketa-lan eta -prozesuetara hurbiltzea.

Elkar ezagutzea, gure iruditeria partekatzea, eta norbanakoaren eta taldearen identitateari buruz hausnartzea.

Kartografia ikaskuntzarako metodologia eta tresna gisa ulertzea.

Eskola-kurriculumari eragitea, ikasleen errealitate espezifikoei zuzenean lotutako eduki berriak proposatuz.