Elisa Arteta
Dantzaria eta koreografoa da. Gorputzetik, gorputzarentzat eta gorputzarekin ikertzen du, pentsamenduak haragituz eta sentsazioak aztertuz. Hautematea eta afektuak ditu abiapuntu, baina gizarte, ekonomia eta politika testuinguruek gure gorputza nola zeharkatzen duten ulertzen ere saiatzen da. Gainera, energia-dimentsioa eta garuna-gorputzaren kontzientzia egoerak ikertzen ditu, bizitzeko eta harremantzeko bertze forma batzuetara eboluzionatzeko erreminta gisa. Baliabide eta formatu artistiko ezberdinekin egiten du lan: koreografia, kamerarentzat dantza, instalazioa, konferentzia performatiboak, etab.
Ez datza itxurakeriak egitean, egitean baizik; ez dantzatzean, mugitzean baizik; ez nahi izatean, sentitzean baizik; ez sinestean, pentsatzean baizik; ez ekitean, egotean baizik; ez frogatzean, izatean baizik.
Sotilerantz
Lanak
Proposamen
didaktikoak
Helburuak
Gure gorputzak batu
Gorputzean presente dagoen izan-egonetik, gure buruarekin, gure pentsamendu, emozio, energiarekin konektatzeko gorputzaren deriba eta inprobisazio ezberdinak eginen ditugu eta, aldi berean, munduan bizi diren bertze izaki, espazio eta gorputzekin bat eginen dugu.
- Elisa Artetaren obra eta lan prozesuetara hurbildu.
- Gorputza-garuna dikotomiatik haratago, modu integralean gure gorputzaz kontziente izan, izaki holistiko bezala.
- Gorputzaren inprobisazioa miaketa eta (auto)ezagutzaren erraminta sortzaile bezala erabili.
- Hazkunde eta garapen integralak (fisikoa, emozionala, mentala eta espirituala) lortzeko nahiarekin, bakarka eta taldeka gazteleraz “propiocepción” erraten dena (uneoro gure gorputzaren atalen posizioa eta mugimenduak sentitzeko gaitasuna), gorputzaren entzutea eta mugimendu kontzientea landu nahi dira.
Gehiago jakin
Elisa Artetak (Iruña, 1980) Nafar Gobernuko Dantza Eskola Ofizialean jaso zuen formakuntza. Miguel Hernandez Unibertsitateko Dantza garaikideko berezko titulazioa. Salzburg Experimental Academy of Dance (2005-2006). Gaztela-Mantxako Unibertsitatean Praktika Eszenikoa eta Kultura Bisuala Masterra. Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboa Masterra eta Praktika Eszenikoa eta Kultura Bisuala Masterra (UPV/EHU). Hainbat egoitza burutu ditu: Djerassi (AEB), Incheon Art Platform (Hego Korea), MAM (Moroko), Parkinprogress (Ingalaterra), Pedra Sina (Portugal) edo La Casa Encendida (Madril); eta bere lana ondorengo leku hauetan erakutsi du: Akademie der Künste (Alemania), Dos de Mayo Arte Zentroa (CA2M) (Madril), Tabakalera (Donosti), Medika (Kroazia), Guggenheim Museoa (Bilbo) eta Sofia Erregina Arte Zentroa (Madril). Aldi berean ikerketa artistikoa Nafarroan zehar sustatzen ibili da, INMEDIACIONES arteak zuzenean jaialdiarekin lehenengo eta gerora Uharte Zentroko ekoizpen eremuaren zuzendaritza taldearen partaide bezala.
Artistaren webgunea
Beste aipamenak
Beste begiradak
Elisak erabakiak hartzeko prozesu etengabean murgiltzera behartzen dion ibilbidea egiten du, eta ondorioz, arazoak planteatu eta ebazteko prozesuan ere murgiltzen da. Baina ez hori bakarrik, bere ikaskuntza arriskua eta jakin-mina bezalako osagaiekin apaintzen du. Bere historiak harrapatu eta urduritu egiten gaitu, batez ere mina eremu batetik mugitzen delako.
Dantzan ikasitako mugimenduak mugitzen ari direnean hautematea, gorputza ikasitako pentsamendura joaten den bezala formetara ere joatea. Saihestu, haien mugan ibili kontra egiteko. Zure burua haiengandik kanpo aurkitu eta beraz, bertze lekuetan, mugimendu berriekin, pentsamendu edo arauek baldintzatu gabe.