Mikel
Cabrerizo
Bere lana nekez sailka daiteke eta irudiaren, eskulturaren, marrazkiaren eta esku-hartzearen alorrean garatzen da, prozedura eta hizkuntza batzuk edo besteak erabiliz, bere interes eta idealen arabera. Kultura-herentzia nabarmena du, eta, askotan, literatura-testuetatik, beste artista batzuen irudietatik, aurkitutako objektuetatik edo lehendik zeuden beste material batzuetatik ateratako aipuak erabiltzen ditu bere lanetan, zeinak, berak esku hartuta, zentzu berriak hartzen baitituzte: Artearen munduko irudiak pegatina bihurtuta, mezuak erantsita dituzten billeteak, arte zentroetan bildutako hautsarekin egindako koadroak... Kontzeptu-karga eta ironia handiko lan barregarria, artearen sistema bera zalantzan jartzen duena, desakralizatu eta eguneroko eremura eramaten duena.
Lan guztiak libreta batekin hasten ditut. Hor agertzen dira norberak etorkizunera begira jartzen dituen irakurgai, kontzeptu, material eta idealak. Gero hori guztia ordenatu, pentsatu eta argitu behar da.
Jabetzea
Lanak
Proposamen
didaktikoak
Helburuak
Hedagarria eta moldagarria den artelan bat.
Mikel Cabrerizoren lanetatik eta egiteko moduetatik abiatuko gara artearen nozioari buruz hausnartzeko, eta originaltasunaren eta jeniotasunaren kontzeptuetan sakontzeko. Mundu artistikoaren irudi ikonikoak beste testuinguru, formatu eta gorputz batzuetara eramango ditugu, zentzu eta erabilera berriak emanez eta gure errealitateetara hedatuz.
Mikel Cabrerizoren obrara eta lan-prozesuetara hurbiltzea.
Artearen nozioa zabaltzea, artelanei buruz dugun ideia geldia (jatorrizko objektu eder eta bakarra direla, alegia) haustea.
Kontzeptuzkoa eta ludikoa dena oinarri hartuta, bizitza eta artea konektatzeko teknika, prozedura eta moduak esperimentatzea.
Umorea eta jabetzea erabiltzea arte-sorkuntza garaikideko estrategia gisa.
Gehiago jakin
Iruñea, 1972. Arte Ederretan lizentziatua EHUn. Zeramikari, ilustrazio digitalari, eskulturari eta abarri aplikatutako serigrafiako tailerrekin jarraitu du prestakuntza. Gustavo de Maeztu Museoko CERO eta Palmako AIRTLINES proiektuetan parte hartu du eta Iruñeko Artista Gazteen lehiaketako eskulturako hirugarren saria irabazi du. Hauek dira bakarka edo taldean egin dituen erakusketetako batzuk: Barruko landareak Uharteko Arte Garaikideko Zentroko Egoitza programan; Monumento salvaje Bordelen; Fuera de campo eta Goza tu síntoma Iruñeko Ziudadelan; edo Cádizeko IV. Fernando Quiñones lehiaketa nazionala.
Beste begiradak
Besteen hitzen eta irudien gainean, Mikel Cabrerizok kultura-herentzia berpizten duen proiektu artistiko bat garatzen du, eta, era berean, ikono horiek testuingurutik ateratzea bilatzen du, beste euskarri batzuetara eramanez.
Mikel Cabrerizok lurrean aurkitzen dituen gauzak jasotzen ditu: “haurren begiradak duen emaitzaren antzekoa da; lurretik hurbil daudenez haien arreta erakartzen duen guztia hartzen dute”. Izan ere, ustekabeko topaketaren poztasunak, gorputzezko zerbait bezala ulertuta, bildumaren prozesua bera elikatzen du.
Cabrerizoren obrak oso ezberdinak dira batetik bestera eta “ez dira objektu itxiak”, “aukera-unibertso” zabal bat irekitzen baitiote artistari.