Andrea
Ganuza
Bere praktika artistikoa narrazio grafikoan ardazten da: komikien mugekin esperimentatu, eta arte garaikidearen beste hizkera bat bezala ulertzen ditu. Begirada kritikoaren eta umore zorrotzaren pean, bizitako esperientziak erabiltzen ditu zeharkatzen gaituzten ardatzetan arreta jartzeko: sozialak, politikoak eta emozionalak. Autoedizioaren eta fanzineen mundua interesatzen zaio, oso zabala delako, baita hutsala ere; horregatik, mundu horri lotutako zenbait talde eta jaialditan parte hartzen du.
Fanzineak egiten hasi nintzenetik (horiei esker ezagutu nuen dena) ez naiz gelditu, eta oraintxe bertan hori da gehien interesatzen zaidana. Fanzineak, komikiak eta, orokorrean, mugetatik aldentzen den edozer.
Bizitza komiki gisa
Lanak
Proposamen
didaktikoak
Helburuak
Batzuetan, marraztea ekintza mekaniko jakin batzuen errepikapen soila bihurtzen da, ikasitako jarraibide eta eredu batzuei erantzunez, eta, ondorioz, marrazteko modu egoki eta desegokiak ulertzen dira. Ideia horrekin hausteko, marrazten desikasi behar dugu, aukera berriak aztertzen, marrazten gozatzen, marrazkia ekintza gisa ulertzen, gorputz-keinu gisa edo munduari buruz dugun ikuspegia partekatzeko leku gisa. Horretarako, proposamen berriekin esperimentatu behar dugu.
Andrea Ganuzaren obra ezagutzea.
Komikiaren hizkuntza eta sormen kolektiboko estrategietara hurbiltzea.
Marrazketa ikasteko prozesua eta honen aukeren inguruko klixeak haustea.
Esperimentaziotik, gozamenetik eta jolas partekatutik ikastea.
Helburuak
Marrazketaren eta komikiaren arteko desberdintasunak ezagutzen ditugu?
Andrea Ganuzaren lanetik abiatuta, marrazketaren eta komikiaren hizkuntzaren aukerak hausnartuko dugu eta, era berean, beste marrazkilari batzuen lanetara hurbilduko gara, hala nola Powerpaola eta Ulli Lust artisten lanetara.
Ivan Brunettiren “Single-Panel Cartoon” ariketan oinarrituta, istorio bat kontatuko duen irudi bat osatzen ikasiko dugu, eta, gainera, ulertu egingo dugu testua nola txertatu, irudiak esanahi berri bat har dezan.
Andrea Ganuzaren obrara eta lan-prozesuetara hurbiltzea.
Komikiaren hizkuntzarekin ohitzea.
Marrazketa eta testua konbinatzeak eskaintzen dituen aukerekin jolastea.
Gozatzeko jolas-jarduera gisa ulertzea sormena.
Gehiago jakin
Iruñea, 1988. Arte Ederretan lizentziaduna da UPV/EHUn, eta Ikerketa eta Ekoizpen Artistikoa masterra egin zuen Bartzelonako Unibertsitatean. Beka bat jaso ondoren Medellinera joan zen, eta bertan igarotako denbora luzeak eragin nabarmena izan zuen bere obran. Marrazketa-tailerrez gain, egonaldi eta egoitza artistikoak egiten ditu hainbat zentrotan. Habitat naturala espazio independenteetan (La Caníbal, Tenderete, Chundarata, Platohedro) nahiz ofizialetan (Elisava, MACBA, CCCB, Uharte Zentroa, Antioquiako Museoa) aurkitzen du. Gaur egun Espainian eta Kolonbian egiten du lan.
Beste begiradak
Andrea momentu soilen apaizemea da: bizi egiten ditu, meditatu, eta komiki formatura eramaten ditu.Teknika plastiko fin baten bidez istorio arruntak kontatzen dizkigu, berak bizitako esperientzien parodiak, eta testu garratzekin batera iruditan jartzen dituenean, gertaera gogoangarri (edo esanguratsu, behintzat) bihurtzen ditu.
Kontakizun bakoitza olerki bihurtzen da une batetik bestera, gogoratzeko eta ikusteko moldeetan zehar. Ez du axola zer kontatzen den; aitzitik, gogoratzeko moduak dauka garrantzia, historiaren oraina nola lotzen zaion gertatutakoari.
Gogoetazko lana da, eta egiazkoa, naturaltasunez betea, narratiba hurbilekoa, eta irakurri bitartean sentsazio hau uzten du: «hau niri gerta zekidakeen.