Skip to main content

Atal honetan proposamen didaktiko batzuk erakusten dira. Arte-hezkuntzako profesionalek diseinatutako tresnak dira, artisten sormen-prozesuak eskoletan edota beste hezkuntza-testuinguruetan erabiltzeko.

Gaiak
Honen gaineko proposamen didaktikoa: Gonzalo Nicuesa

Gure eguneroko objektuetatik abiatuta, gure intimitateari eta identitateari buruzko gogoeta egingo dugu. Konposizio grafiko eta fotografiko bat sortuko dugu geruzaz geruza egindako lanaren bidez.

Helburuak

Gonzalo Nicuesaren obrara eta prozesuetara hurbiltzea.

Eguneroko objektuen eta gure identitate indibidual eta kolektiboaren arteko lotura ikertzea.

Arkatzez edo grafitoz marrazteko hasi-masietara hurbiltzea.

Argazkien orrazketa digitalak digitalaren aukerak aztertzea.

Honen gaineko proposamen didaktikoa: Alfonso Borragán

alfonso borragánen obra abiapuntutzat hartuko dugu esperientzian oinarritutako arteari buruzko gogoeta egiteko. Saiatuko gara hurbil ditugun gauzekin begirada harritzen, eta bizi dugunaren erregistro iragankorrarekin esperimentatzen, irudiak sortuz inguruak berak eskaintzen digunarekin.

Helburuak

alfonso borragánen obrara eta sormen-prozesura hurbiltzea.

Artean kolektiboak eta iragankorrak diren gauzen balioari buruz hausnartzea.

Eskura dugunarekin sormen-esperientziak piztea.

Irudiak sortzeko teknika ekologikoak ikastea.

 

Honen gaineko proposamen didaktikoa: Mirari Echávarri

Museo batera egindako bisitatik eta Mirari Echávarriren Gorputzak #1 Santa Ageda obratik abiatuko gara irudien botere afektiboari buruz hausnartzeko. Irudi berriak sortzeko eta irudi horiek zeharkatzen dituzten afektuak eraldatzeko estrategiak bilatuko ditugu.

Helburuak

Mirari Echávarriren obrara eta sormen-prozesura hurbiltzea.

Prozesu artistikoetan afektuek duten funtzioari buruz hausnartzea.

Sormenezko esperientzia bat diziplinarteko modu batean bizitzea.

Irudiei galderak egiten ikastea.

Honen gaineko proposamen didaktikoa: Maite Redondo

Ez dugu berdin jokatzen leku guztietan. Espazio batzuek isilik egotera behartzen gaituzte, beste batzuek berriz, oihu egitera edo mugitzera. Nork esaten digu nola jokatu? Horrelakorik gertatzen al da eskolako espazioetan? Ba al dago eraldatu nahi genukeen zerbait?

Eskolako espazioetara hurbilduko gara, gure ohiturak eta jokatzeko moduak birpentsatu eta paisaia horiek eraldatuko dituzten esku-hartze artistikoak burutzeko.

Helburuak

Maite Redondo-ren obra eta sormen/ikerketa prozesuetara hurbiltzea.

Espazio publiko eta pribatuei buruz hausnartzea, espazioaren izaerak haren erabileran duen eraginari buruz hausnartzea eta paisaia eraldatzen duten esku-hartze artistikoak gauzatzea.

Mugikorrak eskeintzen dituen ikus-entzunezko aukerekin lan egitea.

Honen gaineko proposamen didaktikoa: Andrea Ganuza

Batzuetan, marraztea ekintza mekaniko jakin batzuen errepikapen soila bihurtzen da, ikasitako jarraibide eta eredu batzuei erantzunez, eta, ondorioz, marrazteko modu egoki eta desegokiak ulertzen dira. Ideia horrekin hausteko, marrazten desikasi behar dugu, aukera berriak aztertzen, marrazten gozatzen, marrazkia ekintza gisa ulertzen, gorputz-keinu gisa edo munduari buruz dugun ikuspegia partekatzeko leku gisa. Horretarako, proposamen berriekin esperimentatu behar dugu.

Helburuak

Andrea Ganuzaren obra ezagutzea.

Komikiaren hizkuntza eta sormen kolektiboko estrategietara hurbiltzea.

Marrazketa ikasteko prozesua eta honen aukeren inguruko klixeak haustea.

Esperimentaziotik, gozamenetik eta jolas partekatutik ikastea.

Honen gaineko proposamen didaktikoa: Xabier Erkizia

Ezagutzen al ditugu lekuak beren soinuengatik? Zer informazio ematen digute leku bakoitzeko soinuek? Zer eskeintzen diogu guk soinu-paisaia horri? Eta nola eragiten du gugan?
Hausnarketa hori ikasleen espaziora eramango dugu; eskolara. Soinu-ikerketa txiki bat proposatzen dugu, entzumen-ariketa errazekin, espazioa ezagutzeko eta bertan bizitzeko modu berri bat ekarriko duena.

Helburuak

Xabier Erkiziaren obra eta sormen prozesuetara hurbiltzea.

Entzumen-ariketetara ohitzea, ikasteko modu gisa. Isiltasuna, entzumen-ariketak eta soinu-ekoizpena, ikerketa-tresna gisa lantzea.

Soinuak paisaiaren eraikuntzan eta paisaiarekin dugun harremanean duen garrantziaz gozatzea eta horretaz jabetzea.

Honen gaineko proposamen didaktikoa: Mirari Echávarri

Cuerpos 1 #Santa Ageda obra abiapuntutzat hartuta, gure gorputza definitzen duen iruditeria bisualari buruzko ikerketa egingo dugu. Ikertutako iruditeria bisuala bera zalantzan jarri, irauli edo satirizatuko duen bideo bat sortzeko oinarria izango da ikerketa hau.

Helburuak

Mirari Echávarriren obrara eta bere sormen prozesura hurbiltzea.

Irudiek gure identitate-eraikuntzan duten botereari buruz hausnartzea.

Esperientzia sortzailea bizitzea ikus-entzunezko tresnetatik.

Feminismoa ikasgelako begirada, prozesu eta zeharkako eduki gisa ulertzea.

Honen gaineko proposamen didaktikoa: Iosu Zapata

Soinu-tresna mugikor bat egiteko prozesu kolektibo batetik abiatuta, espazio publikoa soinuaren bidez erabiltzeko joera politikoa aldatzen duten proposamen sortzaileak garatzea.

Helburuak

Iosu Zapataren obrara hurbiltzea.

Hirigune batean esku hartzeko, soinu-tresna mugikor bat sortzea.

Artelan bat egiteko talde-lana sustatzea.

Iraunkortasunari buruz kontzientziatzea; birziklapena eta bizikleta, gizartea eraldatzeko tresna gisa lantzea.

Espazio publikoen eta arkitektura iragankorraren erabilerari buruz hausnartzea, bizitza eta kultura-estilo jasangarri bati laguntzeko.

Honen gaineko proposamen didaktikoa: Txuspo Poyo

Gure irudiari eta antzekotasunari istorioak eraikitzen dizkiogu, denborarekin lekuko gisa, konturatu gabe istorio hauek beste batzuen hondakinekin eraikita daude, horietako asko etxeko bizitzakoak dira. Istorioek puzzle handi bat osatzen dute, non, egin beharreko bide eta bidebanatze asko sortzen diren. Horrela kanpoko eta barruko mundu bat birformulatzen dugu, bertan, gu ikusleak eta interpreteak gara aldi berean. Ikerketa kolektibo batetik abiatuta, gure txorimaloak sortuko ditugu, gai horiei guztiei erantzuteko metafora gisa.

Helburuak

Txuspo Poyoren artelan eta prozesuetara hurbiltzea
Norbanakoaren eraikuntzari eta ingurunearekiko harremanari buruz hausnarketarako gune bat sortzea. Horretarako, herriko kultura, literarioa eta zinematografikoa erreferente bezala hartu.
Oroimenari, abandonatuari edo hondakinari balioa ematea, lehendik daukaguna berriz testuinguruan kokatzeko baliabide gisa.
Besteen aurrean gure berezitasuna baieztatzea gure inperfekzioetatik, gure baitan dagoen munstroa edertasun berri bat bezala ulertuz.

Honen gaineko proposamen didaktikoa: Txo!?

Zuhaitza moztu edo kaltetu gabe, honen azalen forman oinarritutako eskultura-koadroak sortzea planteatzen da. Zuhaitzak gure ekosistemaren oinarri direla hausnartuko dugu eta gehiegizko plastikoen arazoarekin lotu ahal izango dugu. Prozesu artistiko/teknologiko garaikideei buruz ikastea, fotogrametria kasu. Proposamen honetan teknologia espezifikoa erabiltzea gomendagarria da, baina ez da ezinbestekoa.

Helburuak

Txo! -ren artelanetara, sormen-prozesuetara eta ikerketara hurbiltzea, Fossil Plastics proiektuaren bidez eta fotogrametria eta naturarekin egindako lanen bidez.
Plastikoen problematika eta zuhaitzek gure ekosisteman duten garrantzia ezagutzea artearen eta sorkuntzaren bidez.
3D eskaneatzeko prozesu garaikideak ezagutzea: fotogrametria eta hiru dimentsioko erreprodukzio-kontzeptuak.